Europa bere arimaren bila: metafisikatik pragmatismora

Published On 16/06/2013 | By Colaboraciones | Reportaje

Europako nortasuna europeista amorratuenen kezka izan da hainbat urteetan zehar. Ekonomiak zokoratutako eraikuntza proiektuan, baina, hainbat adituk diote krisitik irtetea bezain garrantzitsua dela identitate hori zer den definitzea eta gizartean sustatzea.

Estrasburgoko Notre Dame katedrala hautatu zuen Jacques Delors Europako Batzordeko presidente ohiak Europaren eraikuntzaren zerumugaz mintzatzeko. Urte garrantzitsua izan zen 1992 hura: Sobiet Batasuna errautsean itota zen dagoeneko, eta Gerra Hotza iraganeko ereserki bat baino ez zen bihurtu. Hala, aro berriek erronka berriak ezarri zizkion Europari, eta Batasunak indartsu ekin zion historiako kapitulu berri hura idazteari. Herbehereetako Maastricht hirian merkatu bakarra sortzear zela, Delorsek iragarri zuen proiektuaren hurrengo pausoa ez zela ekonomikoa, ez finantzarioa, ezta estrategikoa ere: «Datozen hamar urteetan Europari ez badiogu arima bat ematen, partida galduko dugu betiko».

Historiako paradoxa handienetako bat da Europaren eraikuntza. 50eko hamarkadan, mendeetan zehar etsai izandako herrialdeek proiektu bakar batean bildu ziren, eta orduz geroztik elkarbizitza eredu bezala jo izan dute bat egite hori. Denboraren poderioz, batasun ekonomikoa iritsi zen, eta iraganean balentria hutsa zirudiena egi bilakatzear zen laster, integrazio monetarioa bidean baitzen. Baina ibilbide horretan, ustekabeko porrot batekin egin zuen topo Europak, ez baitzuen lortu oinarrizkoena: europeismoa gizarteratzea eta nortasun bateratu bat zintzotasunez definitzea eta sustatzea. Kontinente zaharrari Delorsek gutiziatutako «arima» hura ematea, alegia. Gogoeta metafisiko hutsa dirudiena, baina, amaierarik gabeko buruhauste politiko bilakatu da Batasunaren baitan.

Hogei urte geroago Europako Batzordeko buru izandakoaren iragarpena airean lausotu da, eta asko beldur dira partida hura benetan galdu ote den pentsatze hutsagatik. Hala, hiritarrak erakundeez fio ez diren eremu batean —%47a, Eurobarometroaren arabera—, subjektu geopolitikoak ez du arima izango sekula. «Brusela eta Estrasburgotik Europaren aurpegi ilunena ezarri digute garaiotan; murrizketena eta neoliberalismo basatienarena», dio Nafarroako Unibertsitate Publikoko Jean Monnet katedrako arduradun Jose Luis Iriartek, «eta honenbestez, ez da harritzekoa Europar ereduarekiko errezelo sakona izatea».

Egoera hori aldatu eta Batasunaren etorkizuna norabide zuzenera eramateko, aditu askok diote krisitik irtetea bezain garrantzitsua dela Europa bera zer den eta zer beharko lukeenaren gaineko hausnarketa sakon eta zintzo bat egitea, eta baita gizartean Europaren gaineko inspirazioa berpiztea. «Europeismoaz eta europar identitateaz mintzatzea konplexua da», dio Ulrich Beck soziologoak, «baina, era berean, beharrezkoa, etengabe eraikitzen ari diren Europa hau ez delako behar bezala ulertua izan».

Euro-ametsa, eliteen ametsa

Europaren nortasun-krisia agerikoa bada ere, historiako une batzuetan gizartea europeista izan dela iritzi diote identitate europarra ikertu duten hainbat autorek. Compostelako Unibertsitateko irakasle Xose Manoel Nuñezek, esaterako, uste du beti egon dela «Europaren ideia» lauso, baina iraunkor bat gizartean, eta herrialde bakoitzak balore multzo ezberdinekin erlazionatu izan duela azaldu du. «Eraikuntza sustatu zuten estatuenetan, esaterako, bi mundu gerren ondorio latzei aurre egiteko formula gisa ikusten zuten Europa», azpimarratu du Nuñezek, «eta hegoaldeko herritarrek, berriz, diktadurak ahaztu eta demokrazia berreskuratzeko giltza gisa».

Baina Europaren aldeko sugar hori noizbait piztu bazen ere, europeismoa hurbilago egon da elite intelektual eta politikoetatik, herritarrengandik baino. Europa subjektu politiko gisa definitzen duten lehen adierazpenak Erromantizismo garaikoak dira. Victor Hugok, esaterako, batasun politikoaren lehen irakurketetako bat egin zuen 1849an, Pariseko Bakearen Etxean: «Frantziak, Errusiak, Italiak, Ingalaterrak eta Alemaniak bat egingo duten eguna iritsiko da noizbait, eta elkarren artean borrokatzeko eremu bakarrak merkatuak eta ideiak izango dituzte». Halako hausnarketa aitzindarietatik abiatuta, proposamen paneuropeistak garatzen joan ziren ondorengo hamarkadetan. XX. mendean, ikuspegi horiek nazioarteko politikara egin zuen jauzia, eta bigarren mundu gerra amaitu ostean europeismo horren «instituzionalizazio» moduko bat gertatu zen, egun ezagutzen dugun Europaren eraikuntza abiatu ostean.

Orduz geroztik Europa hazi baino ez zen egin, baina ibilbide horretan amets horrek ez zuen lortu gizartean bizirautea. «1950 inguruan bateratze proiektuak sostengu zabala zuen», azaldu zuen bere garaian Ronald Inglehart politologoak, «integrazioa bakearen sinonimoa zela uste zelako eta askatasun handia eman zietelako agintariei negoziaketei ekiteko». Baina joera hori ez zen harago joan, eta Iglehartek zioen 70eko hamarkadako krisia zela-eta, Europak miresle asko utzi zituela bidean. 80ko hamarkadan Batasunaren aldeko jarrerak areagotzen joan ziren apurka, baina Maastritcheko Ituna sinatzeaz geroztik, gizarteko europeismoa segada latza bilakatu zen Europa berarentzat. «Gauzak ongi badoaz, primeran», uste du Stefania Panebianco ikerlariak, «baina jendea ez dago Europaren mesedetan sakrifizioak egiteko prest».

Azken urteetan Europaren aurkako iritziak etengabe ugaldu dira. 2005eko Konstituzio Itunaren porrotaren ostean, legitimotasuna ez izatea eta demokrazia lurperatzea egotzi izan zaio Europari, eta krisi ekonomikoak Batasuna astindu duenetik, Frantzia eta Alemaniaren txotxongiloa izatea leporatu diote. Gainera, globalizazio testuinguruan elkartekideek subiranotasuna galtzea Bruselari leporatzeak ataka larrian utzi ditu XIX eta XX. mendeko ikuspegi erromantikoak.

European_Parliament,_Plenar_hall

Europako nortasuna, jopuntuan

«Europan, baina Europan gabe». Hala defini daiteke garaiotako herritarren eta eraikuntza proiektuaren arteko harremana. Gizarteak Europarekiko duen ikuspegi hori hainbat ikerketen aztergai izan da, eta ugariak izan dira europeismoa eta europar identitatea landu duten adituak. Baina ez da erraza izan, inondik inora ere, eta gehienek aitortzen dute Europaz mintzatzea afera konplexua dela. Horren harira, Europako nortasuna lantzea buruhauste latza izan daiteke, proposamenak ugariak izan direlako, eta kasu batzuetan, kontrajarriak.

Soziologiako katedradun Manuel Castellsek iritzi dio nortasun kolektiboa pertsonen bizitzari «zentzu sinbolikoa» ematen dioten baloreen multzoa dela, eta norberaren pertenentzia sentimendua eta auto-definizioa indartzen duela. Esparru nazionaletara mugatuz, erraza da baieztapen horrekin bat egitea. Baina zer gertatzen da, ordea, Europara jauzia eginez gero? Zilegi al da Batasunarekiko nortasun sentimendu bateratu batez mintzatzea halako eremu anitz batean?

«Bai, zilegi da», uste du Daniel Reboredo historialariak, «herritar askok uste dute Europako nortasun bat izateak bere jatorrizko identitatea ukatzea dakarrela, baina ez da egia». Ikerlariak esan du gizartean okerra dela identitatea bakarra eta aldaezina dela pentsatzea, eta uste du gizakiari zaila zaiola ikustea identitate bat baino gehiago izan dezakeela. Adierazpen horietan dago, Bartzelonako Unibertsitateko Kultura arteko heziketa taldeko irakasle Ines Massoten arabera, Europako nortasunaren erronka nagusia: «Egungo egoera kritikotik irteteko nahitaezkoa zaigu ezberdinen artean ezaugarri, jarrera eta sinbolo bateratuei eustea». Nolakoak dira, baina, sinbolo horiek?

Orain arte gailendu den ikuspegia ustezko oinorde kultural batean oinarritu da. «Gure ondasun handienak askatasuna, bakea, giza duintasuna, berdintasuna eta justizia soziala dira» esan zuen Txekoslovakiako presidente ohi Vaclav Havelek Europar Identitateari buruzko Eskutitza manifestuan, «balore horiek antzinaroan eta kristautasunean errotu ziren, eta 2000 urtez garatzen jarraitu zuten, egungo demokrazia modernoak eratu arte». Havelen adierazpenen lerroartean Europako nortasunaz mintzatzeko garaian nabarmendu ohi diren balore klasikoak antzeman daitezke: ilustrazio garaiko baloreak, demokrazia, humanismoa, eta kristautasuna. Balore horiez gain, Jürgen Habermas bezalako autoreek XX. mendeko hainbat termino erantsi dizkiote Europako identitateari, hala nola Ongizate Estatuaren aldeko sentsibilitate berezi bat.

Kultura aniztasuna, ardatz

Baina ikuspegi hori beira bezain hauskorra izan daiteke. «Europako gizarteak balore zehatz batzuen pean eraiki dituztela egia bada ere, gaia korapilatsua da, kristautasunaren aipamenari dagokionez, batez ere», uste du Xosé Manoel Nuñezek, «Esandakoa hala bada, zer gertatzen da europarrak eta musulmanak diren horiekin? Albania ez da Europa?», gehitu du. Hala, Europako ustezko balio klasiko horiekin kontu handiz ibili behar dela ohartarazi dute hainbat adituk, etnozentrismotik hurbil egon daitezkeelako. Bartzelonako Unibertsitateko irakasle Ines Massotek dio Europako identitatea nazio batzuenganako pertenentziara eta kultura eredu homogeneo batera mugatzen bada, bere baitan bizi diren gutxiengo kulturalak baztertzen dituela. Identitate klasikoaren iparrorratza norabidez aldatzea proposatzen du Massotek: «Funtsezkoa da Europako nortasuna multikulturalismoarekin lotzea».

Hausnarketa horien harira, Daniel Reboredok iritzi dio ez dela ukatu behar Batasuneko errealitatea zutabe zehatz batzuetan eutsi izan dela, baina azpimarratu du horrek ez duela zergatik identitatea itxia dela esan nahi: «Gauza bat da nondik gatozen, eta bestea, nora goazen». Reboredok uste du egungo Europan identitatea etniarekin lotzea sekulako akatsa dela, eta hortaz, ezinbestekotzat jotzen du nortasunak homogeneoa eta itxia behar ez duela ohartaraztea, eta identitate ireki bat eratzea.

Nortasuna, Europaren salbatzaile

«Partida irabazteko», Europari arima emateaz mintzatu zen Jacques Delors 1992ko otsailean. Hogei urte igaro dira hausnarketa hori egin zuenetik, eta ekonomiak Schumann, Monnet eta Spinelliren ametsa zokoratu duela dirudienean, Europar identitatea zer den adostea, eta gizartean sustatzea Batasunaren eraikuntza salba dezakeela diote aditu gehienek. Baina horretarako, Europa bera aldatu beharko litzatekeela aitortu dute. «Historiak erakutsi du identitateak indartzeko modu eraginkorrena etsai berbera izatea dela», azaldu du Jose Luis Iriarte irakasleak, «ez nuke nahi Txinako kapitalismoak mundua bere egitea itxarotea nortasun europarra pizteko». Iriartek deitoratu du Batasunaren egungo egoera ez bada aldatzen eta ez bada demokratikoagoa izaten, ez dela nortasun erreferente izango sekula, «baina betiere egia da gauza bat nortasuna dela eta bestea eraikuntza».

Galdera horiek guztiek erantzuna topatzen duten heinean Europa zerumuga lauso baterantz eraikitzen jarraitzen dihardu, herritarren mespretxua bidailagun duela. Edozein estrategia ekonomiko bezain garrantzitsua omen da identitate europarra zehaztea eta europeismo demokratiko bat sustatzea, «kulturak maitemintzen gaituelako, ez merkatuek eta burtsek». Denborak esango du Europa erronka horri eusteko gai den ala ez. Denborak eta europarrek, ez beste inork.

— Mikel Rotaetxe Kerexetaren kolaborazioa, lehenago Berrian argitaratua.

Like this Article? Share it!

About The Author

Por lo general, gente con mucho tiempo libre y sin nada mejor que hacer que llenar de rica cultura vuestras cabezas escribiendo en MLI. Eso que os lleváis.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *