Eta bitartean galduta (I, II & III)

Published On 18/03/2013 | By Jon Intxaurraga | Opinión

Iluntzeko bederatziak izango ziren. Pozas-eko tabernak hutsik zeuden. Kaleak hotz eta ilun agertzen zitzaizkigun. Bilboko karriketatik inor ez pasieran. Ez zirudien larunbat gaua zenik, baizik eta astebarruko iluntze bat. Derbiaren ajeak ekarritako tristeziak larunbat bateko gaua lausotuko zuen, agian. Goibel eta bakarti itxura zeukaten Botxoko bazter eta kantoiak. Belaunaldi honen isla, akaso.

Tabernetan bikote, nerabe eta familiak, besterik ez. Geure adinekoak non ote zeuden galdetzen genien elkarri. “Neskarekin egoteko gau aproposa da” argitu zidan nire koadrillako batek. “Arrazoia duzu” erantzun nion. “Suerte ona geurea” erantsi nuen ironikoki. Giro horretan nonbait galduta sentitzen ginen. Arrotzatzat geneuzkan geure buruak. Zorionez, telebistan emititzen ari zen futbol-partidak geure kezkak ixilarazi zituen. Madrilek irabazi behar zuen, bestela akabo San Mamés-eko bakea (geurea ere bai).

Hala eta guzti, futbolak ez du betirako ematen eta kezka bera berriro azaldu zitzaidan. Itxura ezberdina hartu zuen oraingoan. “Ez gara Unibertsitatera sartu berri ginen ikasle horietakoak” aitortu nion koadrillako lagunari. “Ezta etxetik kanpo hogeita piku urteetako langile horietakoak ere (baldin badaude, noski)”, gehitu nuen segidan. Hortaz, zer gara orduan? Ez zen galdera erraza, izan ere, “nor garen” edo-ta “non gauden” bezalako itaunek ez daukate erantzun sinplerik. Filosofoek ere ez dute erantzun zehatzik aurkitu. Ez da euren lana ere. Filosofiak pentsarazi eta hausnartzeko tresnak eskeintzen dizkigu. Har dezagun kontuan, bestela oker ibiliko gara.

Behin Filosofiako irakasle batek Posmodernitatearen aroak zekarren arazo nagusia psikologikoa izango zela erran zigun. Hainbat urte pasatuz gero, bete-betean asmatu zuelakoan nago. Nire aburuz, “Jainko” (goikoa zein lurrakoak) eta lanik gabe aurreko belaunaldietatik jasotako errefentziak galdu ditugu. Geure gurasoek bizi izan zuten mundua bestelakoa izan zen; 23-27 urteekin lanean; bikotearekin eta etxe bila ziharduten gehienek. Nahiz eta krisi ekonomikoak pairatu, norengana jo bazekiten. Ideologia edo “hiri-tribu” batean edo bestean oinarritu zituzten kexak eta itxaropenak. Dena den, atzera begiratzea erosoa dela aitortzen dut. Nork bere “zorigaitza” areagotzeko tresna izan liteke. Irudikeri hutsa.

Bitartean galduta II

Nolanahi ere, gazteok kezkatuta egoteko arrazoi ugari ditugu. Langabezi tasa altuagoa da gazteen artean. Eta gutxi balitz, aurreko Salvados saioa ikusita, emigrazioa ez da beti irtenbidea (espainolak sentitu ala ez, espainolatzat hartzen gaituzte kanpoan). Era berean, geure instituzioetan ezer gutxi sinesten dugu. Politikan ez dakit, baina politikoengan (zehatzago ordezkariengan), ezer gutxi sinesten dugula gero eta argiago dago. Estatu mailan egiten diren inkestek ozen esaten dute. Baliteke hemen joera hain nabarmen ez izatea, baina argi dago politikarengan genituen esperantzak ez dira lehenagokoak. Geure herrian ere desafekzio politikoa presente dago.

Hau guztia dela-eta, ziurtatu gabetzat jo genezake geure etorkizuna, hau da etorkizunean zer gerta liteke aurreikustea oso zail dugu. Are gutxiago, bizitzak hartu duen abiaduraz jabetuta. Bi urteetan geure egoera zein izango den aurreikustea azti- joko bihurtu da. Ez dakigu lan eskaintza batek nora eramango gaituen; ezta lanean ari direnek langabezi tasa “gizenduko” duten ere.  Areago, inork ez daki krisi ekonomikoa noiz amaituko den, ezta hartuko duen norabidea ere ez dute adituek iragartzen. Murrizketa eta ustelkeri auziak besterik ez ditugu ziurtzat ematen. Beraz, itxaropentsu izateko arrazoi handirik ez.

Eta bitartean zer? Mota guztitako zereginetan murgilduta gaude gazteok. Batzuek masterrak ari gara egiten, beste batzuek ikasketa berriak hasi edo-ta doktore izateko tesiak idazten dituzte. Nola ahaztu hizkuntzak hobetzen edo ikasten ari diren gazteakTituluen bila dihardugu, oro har. Zenbat eta titulu gehiago eskuratu orduan eta adituagoak garela aditzera ematen dugu. Nahiz eta batzuetan ordenadoreak baikinan ikasi, zerbaitetan trebeak garela erakusten dute tituluek. Bestela, nola sailkatu lan-postu batera aurkeztu diren pertsonak? Bata bestearen kausa dugu, hobetzeke dagoen ezinbesteko “ezbeharra”, hortaz.

Lan egiten duten gazteak ere badaude. Batzuek praktiketan aritzen dira, beste batzuek mota ezberdinetako kontratua dute sinatua, ordea. Dena den, inork ezin du ziurtatu bi urte barru leku berdinean edo-ta baldintza duinetan lan egingo duen. Futbol jokalariek, akaso. Besteek “malgutasun” berba zenbateraino izan litekeen malguak baldintzatuta segituko dute lanean. Beraz, nekez eramango dira aurrera epe-ertaineko planak, hau da gurasoen etxetik alde egin edo-ta famili bat osatzea. Hilean 2000 euro baino gutxiago kobratzen duen bikote batek zelan mantenduko du ume bat?

Manifestacion_Antonio_Berni_Buenos_Aires_Argentina

Berri Txarrak musika taldeak abesten duenez, ez dut ilunegi azaldu gura. Ilun ez agertzeko arrazoi handirik ez dago, haatik. Urkullu lehendakariak 2013a gure “Historian” izan dugun “urte txarrena” izango dela iragarri berri du. Ez dakit murrizketa handiagoak sustatzeko amua bota edo zintzo jokatu duen Lehendakariak. Dena den, ez du ematen egoera sozio-ekonomikoak hobera egingo duenik. BEZa igo eta erretiroa hartzeko adina atzeratzeko azpimarratu dio Espainari Bruselasek. Horrek ekartzen duen guztiarekin. Euria egingo du goitik behera, beraz.

Hala eta guzti, krisiek aukera berriak zabaltzen ei dituzte. Ez dakit esaldi hau egokiena den, edo idei hau zehatzago adiera litekeen. Aukera berriak baino, iragana kritikoki aztertu eta zer edo zer ikasteko balio duela esango nuke. Orain arte izan ditugun eskubide sozial eta politikoak “ederto batean” galtzea posiblea dela erakutsi digu krisi honek. Areago, 35 orduak bezalako eskubideak belaunaldi askoren borrokaren ondorioa izan direla “ikasi” dugu. Eta orain guri dagokigu lekukoa hartzea. Halabeharrez, gainera.

Aitor dezadan, borrokarako deia zabaltzea nahiko erraza dela. Oso polita geratzen da. Iraultzailearena jokatzea gustuko dugu; zinemaren eraginez, agian. Are gehiago, gaztetan eta blog batean. Halere, joku hutsa iruditzen zait. Izan ere, nork bere interesak dauzka, beraz, nork bere borrokari ekingo dio. Ez gaitezen engainatu, enpresaburu eta beraien langileek ez dituzte helburu berdinak erdietsi nahi. Beraz, ez dezagun pentsa “denok batera sistema puta hau” suntsituko dugunik. Are gutxiago, legearen aurrean langileriak duen ahultasuna kontuan hartuta. Kontrakoa esatea nork bere buruari tranpak egitea besterik ez da. Populismorako jana, bestela.

Bestelako mundua posiblea dela” erakutsi du azken hamarkadak. Bizi dugun krisi ekonomiko-sozial eta politikoa inork gutxik aurreikusi zuen. Hamar urte barru mundua bestelakoa izango dela errealitate hutsa da, beraz. Datorren mundu honen ezaugarriak ezarriko ditugu gaurko gazteok. Geure esku dago bestelako erreferentzi edo baloreetan oinarritutako gizartea(k) eraikitzea. Hau da, gaurko mundu kontsumista eta materialistari eustea edo-ta bestelako gizarterantza abiatzea deliberatuko dugu. Hausnar dezagun, beraz. Galduta ibili arren, inork ez du egingo geure ordez.

— Jon Intxaurragaren kolaborazioa, lehenago Zuzeun argitaratua.

Like this Article? Share it!

About The Author

Txikitan Athletic-eko jokalaria izan nahi nuen, orain, aldiz, gizaki izan nahi dut eta horrekin nahiko daukat (Willis Drummond-ek horrela esango luke). Gauza arraroak idazteaz gain, txioka ere aurkituko nauzue (@j_intxaurraga). Beraz, nahiko arrunta naiz, Erresumarik bako "jatorra", alegia. De pequeño quería ser jugador del Athletic, ahora quiero ser persona y con eso tengo de sobra (así lo diría Willis Drummond). Aparte de escribir cosas extrañas, me encontraréis piando (@j_intxaurraga). Como veis soy bastante normal, algo así como un "campechano" sin reino.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *